martes, 8 de enero de 2008

ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikaren faseak

Azken 30 urte hauetan espainiar zein frantziar Estatuetako Gobernu ezberdinek espetxe politika berezi eta arbitrarioa ezarri diote gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboari. Salbuespen neurriez jositako espetxe politika dute indarrean espainiar eta frantziar estatuek helburu politikoak lortu nahian.
Ondorioz, oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa izan da urte hauetan guztietan.Ez da erraza euskal preso politikoen aurka erabili dituzten fase ezberdinak zehtaz mehatz zehaztea. Ondoko lerroetan, ordea, garai ezberdinetan erabili dituzten neurri batzuek nabarmenduko ditugu.
70. hamarkada amaiera eta 80. hamarkada hasiera artean, Euskal Herriko espetxeetan edo, hurbileko espetxeetan elkarturik, eta neurri politiko berezirik gabe zituzten euskal preso politikoak.
Espainiar Estatuan martxan jarritako marko konstituzional eta autonomiko berriek ez zuten Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konpondu, eta, orduan hasi zen espainiar Estatua euskal preso politikoak joko politikoaren peoi gisara erabiltzen. Tratamendu bereizia ezarri zieten une horretan. Horrela eman zioten hasiera urrunketa faseari: 1981ean euskal preso politikoak blokean eraman zituzten Puerto de Santa Maria espetxera, eta, soilik, bakar batzuk mantendu zituzten -tartean emakumeak- Madril inguruko espetxeetan.
Ondoren, 1984an, euskal preso politiko gehienak Herrera de la Manchako espetxean elkartu zituzten. Erregimen erabat militarra ezarri zieten gure senide euskal preso politikoak euskal jendartetik isolatzeko helburuarekin. Erregimen militar haren helburua zen ere presoak fisikoki nahiz psikikoki suntsitzea. Garai haietan ere, 80. hamarkadaren hasieran, ETApm eta Gobernuaren arteko negoziaketa prozesuan adostutako birgizarteratze neurriak onartu zituzten presoekiko bestelako jarrera hartu zuen espainiar Estatuak.
80. hamarkadaren amaieran, fase berri bat zabaldu zuten PSOEk diseinatuta (egun Espainiar Estatuko Arartekoa den Mugica Herzog buru) baina orduko PNVko hainbat buruzagiren babesa eta aholkularitzarekin (Torrontegirena, edo egun Gasteizko Gobernuko justizia sailburua den Azkarragarena, kasu). Aurreko faseko birgizarteratze neurriak agorturik ziren eta fase berri bati ekin zioten, presoen arteko ezberdintasunak bultzatu nahian. Presioan oinarritutako espetxe politika jarri zuten indarrean, presoen arteko ezberdintasunak sakondu eta presoen zati batek ETA presiona zezan. Sakabanaketa politikaren alderik ilunena, 89 urteko udaberri-udaran jarri zuten martxan, ETA eta espainiar Gobernuaren arteko Argeleko negoziaketak eten zirenean. Euskal preso politikoak beraien artean sakabanatu, eta, espainiar Estatuko kartzela ezberdinetara eraman zituzten. Halaber, bizibaldintzak gogortu egin zituzten: komunikazioak murriztu, baldintzapeko askatasuna sistematikoki ukatu, presoen aurkako eraso fisikoak ugaritu, batez ere kondukzioetan (espetxez aldatzean, epaitegirako irteeratan...)... Neurri horien helburua, "onen" eta "txarren" artean ezberdintasunak egitea zen. Batzuk "gogor" gisara, eta, besteak, "bigun" gisara aurkeztea.
hura ere agortu egin zen. Jasotako emaitzak ez ziren izan espero zituztenak. Eta, euskal jendarteak egindako presioak euskal presoen bizi baldintzak zertxobait hobetzea lortu zuen. Egoera honetan bizi izan genituen Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente zen azken urteak.
Espainiar Estatuko Gobernua PPk hartu zuenean, ordea, fase berri bati ekin zitzaion. Helburu politiko argiak zituen fase bati: gazteek bereziki eta euskal gizarteak orokorrean bere asmo independentistak alde batera uztea, eta, presoen eta senideen artean etsipena gailentzea. PSOEk PPk hasitako bidetik jarraitzen du. Bereziki gogorra den fase honek bilatzen duen muturreko gogortasun hori ziurtatzeko, babes legala eskaintzen dioten neurri bereziak jarri dituzte martxan: zigorren gogortzea 40 urtera arte, espetxetako bizi baldintzen gogortze orokorra (komunikazioen murrizketa, ikasteko debekua, espetxez kanpoko osasun arretarako debekua...) baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera legalik ez, espetxe zaintzako epaitegien desagerpena eta espainiar Audientzi Nazionalaren baitan sortutako Espetxe Zaintzako Epaitegi Berezia gure senideen inguruko guztiaren gaineko kontrola ezartzeko, sakabanaketa geroz eta handiagoa Euskal herritik urrunago diren espetxeetara...
Frantziar Estatuari dagokionean, 1985. urteko legeak ordura arte ezezaguna zen politika jarri zuen martxan, politika berezi bati babesa emateko sortu zuten. Ordundik, atxilotu, errua egotzi, espetxeratu eta epaitzeko garaian, jurisdikzio berezia ezartzen diete euskaldunei. Hor da sakabanaketa politikaren hasiera eta euskal preso politikoen urruntzea.
Salbuespeneko neurri horiek guztiek, gure senideei bahitu politiko izaera eman die. Bi estatuek, gure senideen aurkako espetxe politikarekin helburu politikoak lortu nahi baitituzte.
[Artikulua etxerat daukan web orritik aterata, informazio geiagorako hemen clik egin]