martes, 8 de enero de 2008

TRATU TXARRAK

Igor Portu Arrasaten atxilotutako gaztea ospitalean dago, larri, tortura zantzuekin

Saihets hezur bat hautsia du, birika zulatua eta gorputz osoa ubeldua, baina Rubalcabak dio atxilotze uneko zauriak direla Francisco Etxeberria auzi medikua: «Atxiloketa unean ez ezik miaketaren ondoren ere jo dutela pentsatzea normala da»

Saihetsa apurtua, birika zulatua eta gorputza ubeldua eta puztua, Igor Portu ETAko ustezko kidea tortura zantzu nabarmenekin ingresatu zuten atzo goizaldean, Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, Guardia Zibilak atxilotu zuenetik hamazazpi bat ordura. Donostiako Auzitegiko guardia epaitegiak ikerketa zabaldu du, aurretiazko eginbideen bitartez, Porturen lesioak direla eta. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren arabera, atxilotu zutenean zauritu zuten Portu, ihes egiten saiatu zenez guardia zibilek «indarra erabili behar izan zutelako». Igor Portuk berak, ordea, gorputz osoan ukabilkadak eta ostikoak eman dizkiotela azaldu zuen ospitalera heldu zenean, txosten medikoak dioenez.
Herenegun goizean atxilotu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak, Poliziaren arabera ETAko kide legalak -fitxatugabeak-. Goizeko hamaikak aldera atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa), Guardia Zibileko Landa Ekintzako Taldeek (GAR). Polizi iturrien arabera, bi errebolber zeramatzaten bi atxilotuek, zelofanean bilduta oraindik. Bi armak jaso berriak zituztela uste du Poliziak. Bi atxilotuak inkomunikatuta daude: Donostiako Ospitalean Portu, eta Guardia Zibilaren egoitzaren batean Sarasola. Senideek bart gauean ez zekiten zehazki non zeukaten.
TXOSTEN MEDIKOA. Donostiako Ospitaleak senideei emandako eta Askatasuna erakundeak banatutako txosten medikoaren arabera, oinez bere kabuz ibiltzeko gauza zela heldu zen Igor Portu erietxera, baina oso lesio larriekin. Saihets bat hautsia du, saihets hautsi horrek ezkerreko birika zulatu dio eta, ondorioz, pleura eta odol isuri larria izan du. Gainera, larruazalaren azpian enfisema handia du -azala puztua-, ornoetatik pelbiseraino. Txosten medikoaren arabera, disnea ere badu Portuk -arnasa hartzeko zailtasuna-, «hematoma, higadura eta urradura ugari» belaun eta orkatiletan, eta ubeldua ezkerreko begian.
«Ukabilka eta ostikoka» jo egin zutela adierazi zuen Portuk ospitalera heldu zenean, «aurpegian, bularraldean, sabelaldean eta beheko gorputz adarretan», txosten medikoan jasota gelditu denez. Bizkarrezurrean, lepoaldean eta gerrian min handia zuela ere esan zuen Portuk.
HAMAZAZPI ORDU. Perez Rubalcabak esan zuen bezala zauri horiek guztiak atxilotu zutenean egin bazizkioten, Igor Portuk hamazazpi bat ordu egin zituen lesio larri horiekin: goizeko hamaiketan atxilotu zuten eta, txosten medikoak dioenez, goizaldeko 03:56an hartu zuten ospitaleko larrialdi zerbitzuan.
Barne ministroak azaldu zuenez, guardia zibilek gelditzeko agindu zietenean eta motxilan zer zeramaten erakusteko agindu zietenean, ihes egiten ahalegindu ziren Portu eta Sarasola. Lau guardia zibil atzetik joan zitzaizkien eta harrapatu egin zituzten, indarkeria baliatuz menderatuta. Herenegun berri agentziak emandako informazioetan eta atzo egunkariek argitaratutako kroniketan ihes egiteko ahaleginaren berririk ez zuen inork eman.
Ondorioz, Barne ministroaren arabera, biek izan zituzten zauriak. Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmori atxiloketaren gorabeheren berri eman zieten jarraian, eta hark auzi medikuak haien egoera azter zezan agindu zuen. Portu egun osoan ez zuten, ordea, ospitalera eraman, txosten medikoaren arabera zauriak larriak eta nabarmenak ziren arren.
Aitzitik, gaueko hamaikak aldera Lesakara eraman zituzten bi atxilotuak, miaketen lekuko izatera. Hiru etxe miatu zituzten, bi atxilotuen gurasoenak eta Porturen beraren etxea: ministroaren arabera, bi ordenagailu eta hainbat agiri atzeman zituzten. Ministroak esan zuenez, arratsalde osoan eta miaketen garaian bietako inork ez zuen mina zuenik adierazi, eta lesioak izan zitzaketela susmatzeko moduko «ezer» ez zen gertatu.
Atxilotuen jaioterrian, Lesakan, senideek eta lagunek atzo eguerdian emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Portu nahiz Sarasola onik ikusi zituzten atzo gauean, miaketetara eraman zituztenean. Koldo Erkizia Lesakako alkateak arratsaldean Euskadi Irratian esan zuenez, «nekatu aurpegia» zuten bi atxilotuek miaketen garaian, baina besterik ez. Bertsio ofizialaren arabera, miaketen ondoren ikusi zituen Portu eta Sarasola auzi medikuak, eta orduan erabaki zuen Portu ospitaleratzea.
Porturen eta Sarasolaren atxiloketek Gorka Lupiañezen atxiloketarekin zerikusia izan dezaketela adierazi zuten herenegun polizi iturriek. Hain zuzen ere, Landa Ekintzako Taldeetako guardia zibilek atxilotu zuten Lupiañez ETAko ustezko kidea ere, abenduaren 6an, eta tortura latzak jasan zituela salatu zuen: besteak beste, makila batekin bortxatu zutela eta hainbat aldiz poltsa egin ziotela salatu zuen.
[Berria Berria egunkaritik aterata]